Urnieta, administrazioren ikuspegitik, Gipuzkoako Donostialdea eskualdean dago kokatuta. Eskualdea tamaina ezberdineko 11 herrik osatzen dute eta Donostia hiruburua dute erreferente nagusitzat. Donostia eta itsasoa herritik 10 bat kilometrotara dago.
Urnieta, geografiaren ikuspegitik, Oria eta Urumea ibaien arteko ibarrean dago kokatua. Herriaren mugak honako hauek dira: iparraldean, Lasarte-Oria; ekialdean, Hernani; hegoaldean, Hernani eta Elduain; eta mendebaldean, Andoain eta Lasarte-Oria.
Udal barrutiak 2.241 hektareako zabalera du. Bertan, 4 auzo kokatzen dira: Oztaran, Ergoien, Goiburu eta Lategi.
ā
Udalerriko lekurik garaiena Adarra mendiaren gailurra da (817 m); bigarren altuena, Onddi mendiaren gailurra da (543 m).
Herrigunea bera da lekurik baxuena, itsasoaren maila baino 15-25 metro gorago baitago.
ā
Urnietako erliebea menditsua da, muinoak eta mendixkak dira nagusi, bailara korapilatsuen eta errekatxoen artean banatuta.
Eustateko 2018ko erroldaren arabera, Urnietak 6.192 biztanle ditu; horietatik, 3.117 emakumezkoak dira, eta 3.075, gizonezkoak. Biztanleria dentsitatea 276 biztanlekoa da.
ā
Adin piramideari begiratuta, Urnietako biztanleriaren %21,87a 20 urte baino gutxiagokoa da. Aldiz, %16,07a 65 urte baino gehiagokoa da.
ā
2016ko datuen arabera, biztanleriaren %60,39ak euskalduntzat hartzen du bere burua.